2022(e)ko ekainaren 8(a), asteazkena

Post

 

POST

Izenak eraikitzen omen digu izana. Post industrialak izan gara. Post modernoak ere bai. Orain post pandemikoak. Bai izenez bai izanez. Laburbilduz, post-gara, izatez. Zabortegien antzekoak garenez, barneak arakatzen hasiz gero, etortzen dira komediak. Arakatu ezean, tragikomediak.

Anbotoko zutabegileen arteko ezezkorrenari saria neure buruari eman diot urterik urte. Azkenaldion, baina, gertutik jarraika dabilzkit batzuk. Eta bizitzako beste eremu batzuetan bezalaxe, esango nuke, haserreak, errietak, ezezkoak eta begirada trabesak ugaritu egin direla.

Neure buruari agindu diot: idatz dezadan testu baikorra. Nondik hasi, ordea? Lotsagarria litzateke, eta ez dut egingo, Google edo Wikipedian “baikortasuna” bilatu eta hari horiek hartzen duten bidezidorretan zehar jostaketan aritzea. Ez dut egingo; ze lotsa! Pentsalariaren prestigioa. Besterik ez baitugu irabazten. Barkatuko didazue txantxa.

Kontua da nekagarria dela post izatea. Mila egoeraren post izateak pentsarazten digu gainontzekoek gure jokabidea hobeto ulertuko dutela. Horretarako, lan bat aurkeztean, norbait agurtzean edota edozein aukera nimiƱotan, horra botatzen dugu: “medikutan ibili naiz eta”, “ama zaindu behar dudanez”, “ikasturte amaierak, badakizu nolakoak diren”, “eginbehar hauek niretzako berriak izatean”, … Post izateak babesten gaitu, justifikatu egiten gaitu. Eta gaixotu ere bai. Post izaeraz gaixotzen gara. Birus horren aurka ere alperrik txertoak. Kutsatu eta listo.

Garaiek haize berriak ekar ditzakete. Atea zabaltzea, besterik ez dugu egin behar. Atea? Burua? Pentsamoldea? Bizimodua? Balioak, arauak, normatibitatea? Ene! Noraino. Itxi atea, mesedez.

Laster testu hau bera ere post berri bat izango da nire blogean. Post-aren post osteko esanahi berriak. Nahiko nuke eraikitzeko sasoi honetan (aktibitatea bueltan baitator), inertziari erabakitzen utzi beharrean, elkartasunaz, indibidualismoaz eta askatasunaz egin ditugun gogoetatan oinarri hartu dezagun. Gaur bertan entzun dut oraindik aurrera gure jokabidea gidatzeko honako lau zutabe hauen gainean eraikitzeko gomendioa: apaltasuna, errukia, erantzukizuna eta errespetua. Ez dakit egokienak diren. Ez dut uste, sikieran, “egoki” eta “desegokiak” badirenik. Baina, beno, nonbaitetik hasi beharra dago. Hor ezarri ahal dugu pre-a. Hala egiten badugu, izatea dauka halako ondoriora heldu garelako, bizipenek, eztabaidek eta gogoetek kontzienteki erabaki dutelako bide hori eraikitzea. Beste behin ere, sapere aude: eraikin berriaren zutabe bakarra baina sendoena.

Anboto Astekarian argitaratua 2022ko ekainaren 10ean.

 

 

2022(e)ko apirilaren 29(a), ostirala

Arauak eta gomendioak

 

Arauak eta gomendioak

Idazteko gaia aukeratuta, gogora datorkit pediatra haren gomendioa: “zure poltsikoak ahal badu, marka honetako pixoihalak onenak zure umearentzat”. Langile publiko batengandik entzuniko lotsagaberiarik haundienetakoa. Koka ezazue burua une batez autoritatea ematen dizuen lanpostu batean eta diru-etekina edo onura ekarriko dizuen “gomendioa” egiten/ematen/luzatzen. Larrua behar da, ezta?

Gogoan ditut baita euskara irakasle garaiak ere. Haiek ziren haiek gure ahaleginak ikasleek Euskaltzaindiaren arauak eta gomendioak desberdin zitzaten, funtsezkoa baitzen zuzentzeko irizpideak jartzean, azterketak zuzentzean edota, ikaslearen erabakitzeko/aukeratzeko gaitasunaren mugak ezartzean.

Aholku-emailea botere leku batean dago jasotzailearekiko. Hala ere, aholkuak iritzi subjektiboak dira, inoren jokabidea alde baterantz edo beste baterantz bideratzeko asmotan emanikoak.

Kapazak zarete gurasoekin bizi zinetela, haiek hezitzen zintuzten sasoi hartan, etxean bete beharrekoak arau ala gomendioak ziren bereizteko? Zalantzak jartzen zenituzten ala zeuen onerako zirela pentsatzen zenuten, bete ala ez? Ez ditugu hain erraz bereizten menpeko garenean.

Oinak lurren baten gainean behar ditugunez, zerbait sinestu behar dugu eta prest gaude sinesteko orain arteko osasuna babesteko arauak adituen txosten edo irizpideetan oinarrituak zirela. Orain, ordea, beste garai bat hasi da: aholku-emaileen garaia. Bitxikeria bat: aholku-emaileen ezaugarri da ez formaziorik ez kontzientziarik ez izatea. Adituen txostenik ez dute behar hauek eta euren eskumenen mugen kontzientziarik ez dute.

Totalitarismoa segurtasunaren izenean. Ustezkoarenean.

Mesedez, ez niri aholkurik eman. Ez gomendiorik. Nire erantzukizun pertsonala aipatuz, gutxiago. Agintaritik aholkulari espitualera bihurtzeko baimena geuk eman diegu, irudi hori islatu dugu eurengan eta nortasun horretaz euren burua jantzi dute. Edozein agintarik, orain, kudeatzen duen eraikin publiko baten erabilerarako gomendioak ematera ausartzen da. Autoritatea edukitzearen sentsazioa dute, une batez jakintsu dira, prestigio ikututxoa ere bai, ezta? Luzatu lepoa eta atera hadi kalera, agintari osasun zaindari! Umeak edo ardurabakoak bagina bezala artatu gaitzazue lasai asko:  gutaz kezkatzen zaretela pentsatuko dugu.

Prest ote daude eurek gure aholkuak entzuteko? Komisionista etiko hauek zergatik ez gaituzte besteek beste haserrearazten? Baduzu inguruan horrelakorik? Ego-a handitu zaio azkenaldian?

Anboto Astekarian argitaratua 2022ko apirilaren 29an.

 


2022(e)ko urtarrilaren 20(a), osteguna

Turki burua

 

Turki burua

Erdi Aroan gurutzatuak eta turkiarrak elkarren aurkako borroka odoltsuetan aritzen ziren sarri. Kristauentzako itzelezko meritua izaten zen turkiar bati burua moztea. Moztutakoa guztien bistan gorrotoz zintzilikatuta, soldaduek pairaturiko gaitz guztiak leporatzen zizkioten hildakoari. Ordutik esaten zaio norbaiti turki buru salaketa egiten zaionean, erruduna beste bat denetan. Itun Zaharrak ere akerraren metafora azaltzen du gaztelaniazko “chivo expiatorio” espresioaren sorrera emanez. Antzinako kontuak dira horiek, antza, baina ematen du geu-geugan dagoela norberea inori leporatzeko ihesbidea. Galdeiozue, bestela, Zalduondoko Markitosi, urtero inauterietan epaitu eta herriko gaitzen errudun gisa erretzen dutenari.

 

Horrelakoetan gertatzen denaz gogoeta egin dezagun, hots, bizkar gainera bestek emanikoa zamatzean gertatzen denaz.

 

Sentitu duzue inoiz ez duzuela zeuok aukeratu jokatzen ari zareten rola? Makina bateko torloju edo mekanismo handi bateko pieza izatearen askatasun edo bakantasun falta antzeman duzue? Lasaitu gaitezen pentsatuz komunitateko kide izatearen prezioa dela. Geure burua taldeko izate horretatik interpretatuz gero eta ikustean taldeek beren eratzeko, funtzionatzeko eta garatzeko logika propioak dituztela, orduantxe jabetuko gara gertatzen zaigunaz.

 

Gizartean bezala txindurritegian ere rolak banatzen dira etengabe: ondokoak bat hartu bezain pronto, gugan eragina izango du eta beste bat egokituko/leporatuko atoan. Txindurritegiko ehuneko hamarra diren txindurri alferrekin talde berria osatuz gero, berri hartan ere ehuneko hamarra izango da alferra. Ondorioz, aurrekoan alfer rola zuten batzuek rola aldatu behar izan dute berrian. Zenbat egituratan ez ote du “txindurritegiko teoriak” gure jokabidea erabakitzen.

 

Animalia sozial egin gaituzte eta, ondorioz, gure autonomia ezinbestez da ez-autonomoa. Saia zaitezke jokatzea suertatu zaizunetik ihes egiten baina ezin izango duzu. Mundua den antzoki handian, Alice bazara, ez zara Untxi Zuria. Laukitxo hori egokitu zaizu joku-mahaian.

Eguzkipeko tximeleta jostalaria dantzari ari da, beste izaki baten hurbilketak hegaka ihes egitera behartzen duen arte. Bestea baino politagoa, librea eta botere haundiagokoa izan daitekeen arren, engranaje sozialeko izatearen kontzientziak lasaitzen du tximeleta. Tokatu egin zaio. Turki burua da. Erruduna. Lehenago tokatu zitzaien zaharrei, haurrei, nerabeei, tabernazaleei, kirolariei eta ez txertatuei. Ez etsi: tximeleta efektua gure hego ahulen boterea da.

Anboto Astekarian argitaratua 2022ko urtarrilaren 21ean.

2021(e)ko abenduaren 11(a), larunbata

Vinu, cantares y amor

 

Vinu, cantares y amor

Nacho Vegasen kantaren izenburua hartu dut kolaborazio honen izenburutzat nik ere. Gure arteko batzuontzako Anarik bihurtu digu ezagun kanta hori. “Que si nun hai vinu, cantares y amor, Non, esta nun ye la mĆ­o revoluciĆ³n” asturiarraren “Kantatu, maitatu eta dantza ezin bada, ez da gure iraultza!” bertsioa eman digu azkoitiarrak.

Ez dugu orain gogora ekarriko Anarik eta lagunek bideoa grabatu eta gutxira Putzuzulo Ametsen Fabrika eraistea agindu zutenekoa. Gogoeta bidera dezagun, hobeto, kantaria bertsioa egitera bultzatu zuen bilaketara: bizi ditugun garaietarako esperantzarako kanta antzeko bat sortzekotan ezin asmatua aitortu du artistak bertsioa egitera bultzatu zuen arrazoitzat. Jada sorturik zegoen kanta ikusi zuen egoki bere bilaketan sortu beharra sumatzen zuena islatzeko. Jarrera dotorea, nire ikuspuntutik. Artista ez garenok artistak behar ditugu norbere barneko pentsamendu, sentsazio edota zirrarei forma emateko. Baina eta artista direnek ere bai, bistan denez.

Anboto komunikabide honen web orrian ari nintzen Plateruenako Anariren emanaldiaren bideoa ikusten eta gaiaz idatzi ahal izateko dokumentatze lanetan hasita, hona hemen Google-k egin zidan iradokizuna: utziozu hainbeste pentsatzeari eta askatu zaitez pentsaera diskurtsibotik. Edo Google-k edertotxo ezagutzen nau (seguru baietz) edo “Vinu, cantares y amor” kantaren mezua adierazteko beste modu batzuk ari zitzaizkidan eskaintzen bilatzailerik ospetsuena. Arrazoi biak ala biak ere, gutxienez, harrigarriak.

Eskubideen urraketak gertatzen diren garai honetarako, irtenbide desberdinak ditugu aukeran. Delacroix-ek Frantziako iraultza amaitu eta 30 urtera margotu zuen La LibertƩ guidant le peuple. Artea iraultzaren osterako uzten dute batzuek. Durangoko azokan, aldiz, geure porroten gaineko gogoeta desberdinetan sustrai hartuta, imajinario berriak helburu dituztela ikusi ditut sortzaile gazteak. Anarik bilatzen zuen esperantzarako kanta gazteengandik datorrela ematen du. Google-n aholkuari men eginez pentsaera diskurtsiboak zehar-lerro bezala baino ez dituzten arte-sorkuntza bideetan barrena proposamen asko eta oso interesgarriak oparitu dituzte artista gazte horiek. Gizarte kohesioa eginez gizarte kohesiorantz.

Y esto que diba a ocurrir - Eso ya nun va ocurrir - Porque tĆ” ocurriendo agora.

Eta gertatzear zena, ez da inoiz gertatuko - gertatzen ari delako.

Kantatu, maitatu eta dantza egin distopiarako bidetik baztertu eta utopiaranzkoa hartzeko.

Ahal DA!

Anboto Astekarian argitaratua 2021eko abenduaren 10ean. 

https://www.youtube.com/watch?v=r-cUOVDNORk


2021(e)ko azaroaren 2(a), asteartea

GORROTOA

 

GORROTOA

Irakurtzen ez genekienean, kapitel erromanikoen irudiak ziren gure eskola liburuak. Irudi izugarriak ikusten genituen haietan. Piztiak. Monstruoak. Esaterako, grifoak (arrano buru eta perrak dituen lehoia), arpiak (emakume burua, hegazti gorputza, ahuntz hankak eta narrastunaren buztana), sirenak (emakumea gerritik gora eta arraina gerritik behera), zentauroak (gizaki-burua eta zaldi gorputza), basiliskoak (oilarra suge buztanaz), zazpi buruko hidrak eta abar. Bestiario erromaniko beretsua ikusten genuen elizaz eliza eta hari esker ondotxo ikasi genuen des-berdinek zekartzatela galbidea, infernua, bekatua, arima erruduna, eta gauza txar guztiak.

Pentsamenduaren historian inspirazio iturri handia izan dute aipatu dugun kristautasunak bezalaxe beste taxonomia batzuek ere norbanakoaren balio moralen eraikuntzan.

Desberdinari diogun beldurretik omen dator gorrotoa. Gorrotoa: Norbaitenganako gaizkinahizko sentimen bortitza; zerbaiti buruzko higuin edo herra bizia, Euskaltzaindiaren definizioan. Beldurretik, gorrotoz begiratzea dator. Gorrotoz begiratzetik, gorrotoak itsuaraztea eta, ondoren, jarrera irrazionalak.

Gorrotoa modan dago, hala ere. Gorrotatzaileak hater-rak dira sare sozialetan. Antzeko gorrotoa dutenen arteko harremanak errazteko aplikazioak esistitzen dira. Ez dakit “gorroto zaitut” ala “maite zaitut” esateko eta entzuteko beharrak bultzatuta esistitzen ote diren. Paradoxikoak aplikazioak: gorrotoa eta maitasuna antonimoen topalekuak.

Gorrotoa modan dago baina delitua da: gorroto delitua. Delitu-mota horren ezaugarri nagusia egilearen motibazioa da, hots, desberdintzat jotzen dituenekiko gaitzespena edo etsaitasuna. Legegileen definizioa. Albistegietan, hala ere, gaitzespen eta etsaitasuna gauzatuta ikusten ditugu etengabe eta haratago doazen jarrerak ere bai: bortizkeria, erasoak, jotzea, aurpegia desitxuratzea, zapaltzea, min fisikoa eragitea, odola isuraraztea. Beti (des)berdintasunaren izenean: politegia zarelako, ama aspergarria zarelako, begirada baketsuegia duzulako,… Bideo-jokoetako jarrera zirraragarri berberak. Txipiroiaren jokoa?

Borgesek aipatzen zuen Txinako entziklopedia batean animaliak honela sailkatzen zirela: enperadorearen jabegokoak, enbaltsamatuak, hezituak, txakur askeak, gamelu ilezko pintzel oso finez margotuak, jarroi bat apurtu berri dutenak, zoroen antzera astintzen direnak, zenbatezinak, urrunetik euli antza dutenak,… Taxonomia horrek ez du parametro jakinik. Pertsonen aniztasunak bezalaxe.

Gorrotoa. Kakofono hitza baino kakofonoagoa.

https://josunearanguren.blogspot.com/

Anboto astekarian argitaratua 2021eko urriaren 30ean